Tuesday, June 12, 2012

IKASTOLAREN EGUNA 2012

Apoteosikoa! Beste adjetiborik erabil al dezakegu ekainaren 10ean bizi genuena deskribatzeko? Eguraldiak gehiegi lagundu ez bazigun ere, bertan bildu ginenok izan genuen zerekin eta norekin gozatua.
Jaia bizikleta ibilaldiarekin hasi genuen. Handi nahiz txiki, Tolosako kaleak zeharkatu genituen paseoan zebiltzenen harridurarako. Usabalera bueltatuta, hamaiketako goxoa, tortila pintxoa zai. Jarraian etorri ziren Lehen Hezkuntzako haurren jolasak eta  Haur Hezkuntzakoen emanaldi bikaina. 2013an KILOMETROAK tolosan izango ditugula gogorarazi ziguten etxeko txikienek, 2, 3, 4 eta 5 urteko haurrek.
Abesbatzakoek eta gimnasia erritmikokoek ganbaran eskaini ziguten urtean zehar egindako lana eta ondoren bazkaltzera! Koldo J.ren gidaritzapean ikastolako gurasoak jo eta su aritu ziren 1.300 bazkaltiarrentzako bazkari goxoa prestatu nahian.
Bazkalostean, gurasoentzako jolasak, erromeria ... Bikaina benetan eguna eta giroa, bejondeizuela!