Monday, November 16, 2015

ONGI ETORRI NIKARAGUA



Adar asko dituen egoera da: erlijioa, kultura, hizkuntza, ohiturak... denak nahasten dira. Horietako batzuk kontu pertsonalak edo etxekoak dira; beste batzuk, ordea, kalekoak edo eremu publikora pasatzen direnak. Eta hor, bizilagunekin, ikaskideekin, lankideekin... egiten dugu topo. Bizikidetzaren aldeko jarrera hartu beharrean gaude. Baina hori bideratzeko modu ugari egon daitezke, eta garrantzitsua da ematen zaion fokatzea. Ikusi besterik ez dago hemen, Euskal Herrian, gero eta gehiago direla kalean nabarmentzen diren azal eta itxura desberdinekoak, horietako asko, etorkinak dira.


Laskorain Ikastolan, Isabella eta Britney dira orain dela urte batzuk Nikaraguatik etorritako, 14 urteko bi ikasle, hemen doa beraiei egindako elkarrizketa:


  • Zein izan zen hona etortzearen arrazoia?


Isabela: Ama eta biok oporrak pasatzeko asmoarekin etorri ginen hilabete baterako, hemen genituen familiarteko kide batzuk bisitatzeko asmoz, baina hilabetea familiartean eta hainbeste gustatu zitzaidan herri honetan pasa ondoren, gurasoei hemen geratzeko aukera proposatu nien.


Britney: Ni, aldiz, hemen geratzera nentorren, amak lana aurkitu zuelako. Nik hori ez nekien, amak esan zizkidan hiru hilabete horiek, denbora gehiagoan bilakatzen hasi zirela ikusi nuen arte. Izan ere, aitaren aldeko familia bisitatzera gentozela, hau da, oporrak pasatzera esan zidan.


  •  Zein izan zen zuen erreakzioa, Euskal Herrira etorri behar zenutela jakitean?


Isabela: Hasiera batean oporretara gentozen biok, hemen genuen familia bisitatzeko asmoz, beraz notizia oso ondo hartu genuen, ilusio handiz. Behin eta berriz galdetzen genien gurasoei; “zenbat egun falta dira?”. Gainera, nik hemen Nikaraguan adina familiarteko nituen, izebak, amonak, lehengusua… oso gustura sentitu nintzen, beraz hemen geratzeko nahia neukan.


Britney: Bai, notizia oso ondo hartu nuen, ilusio handiz, Isabelak dioen bezala. Baina niri, amak hemen geratu behar genuela esan zidanean, mundua gainera erori zitzaidan. Hemengo familiarekin inongo harremanik ez nuelako eta txikitatik hazi eta hezi ninduten amaren familiartekoak oso urrun nituelako.


  • Nolakoak izan ziren hona etorri aurreko egunak?

Isabela: Egia esan, Euskal Herrira etorri aurreko egunetan gaixo egon nintzen, urduritasunagatik zela pentsatzen dut.


Isabella/Britney: Baina hori alde batera utzita, bezperako egunak ilusio eta urduritasun handiz pasa genituen, familiartekoengandik ondo agurtu gabe, izan ere, ez zitzaigun burutik ere pasa oporretako lekua, bizitoki berria bilakatuko zenik.


  • Gizartean integratzeko lan egiten duten elkarteen laguntza jaso ahal zenuten?Eta ikastolan?


Isabela/Britney: Bietako inork ez genuen gizartean integratzeko lan egiten duten elkarteen laguntza edo diru laguntzarik jaso. Baina Laskorain Ikastolan bai jasotzen genuela euskara ikasteko laguntza, Emi izeneko emakume baten laguntza, zehazki, beste toki ezberdinetatik etorritako etorkinekin batera.


  • Zer nolako harrera izan zenuten Laskorain Ikastolako ikasleengandik?


Isabela/Britney: Bion harrera oso antzekoa izan zen gela ezberdinetatik jasotako harrera izan arren. Iritsi ginenean denak korro batean eserita aurkitu genituen, bakoitzak eginiko marrazki bat eskuan zutela eta gela Euskal Herriko ikurrinez eta Nikaraguako banderaz josia zegoen. Elkar aurkeztu ondoren, guretzat zituzten galdera mordoa erantzun genituen eta Ikastolaren aurkezpen txiki bat egin ziguten.


  • Zer zailtasun izan dituzue gizarte honetan integratzeko?


Isabela/Britney: Gizarte honetan integratzea ez zaigu zaila egin, askoz ere zailagoa izan zaigu hizkuntza bera ikastea, baina esan beharra dago hemen gaztelaniaz hitz egiteak asko lagundu digula gizartean integratzeko garaian.


  • Nolako hizkuntza iruditzen zaizue euskara?


Isabela/Britney: Euskara oso hizkuntza zaila eta arraroa iruditzen zaigu. Hona etorri ginenean, sekula ikasiko ez genuen hizkuntza zela pentsatu genuen. Are gehiago, “Euskal Herrian ingelesez hitz egiten zela uste nuen”, dio Isabelak.


  • Euskararen ikaskuntzan, zer izan da zuentzat zailena? Eta zer errazena?


Isabela: Niri zenbakiak ikastea egin zitzaidan zailena, beno ikasi baino gehiago, zenbakiak nola idazten ziren ikastea, izan ere, euskara gramatika eta teoria aldetik, oso zaila iruditzen zaidan hizkuntza da. Bestetik, euskara praktikan jartzea egin zitzaidan zaila. Hizkuntzari buruzko teoria jakin arren, lotsagatik edo ez dakit zergatik, ez nintzen euskara hitz egitera ausartzen.


Britney: Niri ere oso zaila egin zitzaidan zenbakiekin zerikusia zuen teoria ikastea, baina Isabelari ez bezala, hitz egitea gauza errazena iruditzen zitzaidan.


  • Tratu desberdinik jaso ahal duzue gelakideengandik, azal eta itxura desberdinekoak izateagatik?


Isabela: Gehienak ondo tratatzen ninduten baina esan daiteke hasieran batzuk ergeltzat hartzen nindutela, izan ere, lehen esan dudan bezala, ikasitakoa transmititzen edo praktikan jartzea asko kostatzen zitzaidan, hau da, jendearekin euskaraz hitz egitea oso zaila zen niretzat. Eta jendeak euskara ulertzen ez nuela uste zuenez, nitaz komentario bat baino gehiago egiten entzun izan ditut, baina hala ere, iraindua sentitu ez naizela esan dezaket,  komentario batzuk ukitu ninduten arren.


Britney: Nik eskertu behar dudan gauza da hori, zorionez, ez bainaiz inoiz inorengandik irainduta sentitu, denak lagundu izan didate beti.


  • Nola daramakizue familia eta lagunetatik hain urrun egoteak?


Isabela: Nik oso ondo daramat hori, izan ere, lehen esan dudan bezala, hemen familiako kide asko ditut jada eta oso harreman ona dut guztiekin. Gainera bizpahiru aldiz bidaiatu dut nire jaioterrira, bertako familia bisitatzera.


Britney: Nik familia hain urrun egotearena ez daramat oso ondo, izan ere, hemen dudan familia, aitaren aldeko familia da, eta ez dut apenas harremanik, aita eta ama bananduta baitaude.  Managuan bizi diren familiartekoekin daukat harreman ona eta 6 urte pasa ondoren, oraindik ez dut beraiek bisitatzeko aukerarik izan.


  • Ba ahal duzue asmorik berriz ere zuen jaioterrira itzultzeko?


Isabela/Britney: Gure jaioterrira joango ginateke bisita bat baino gehiago egitera, baina bizitzeko toki hobeagoa da hau, eta momentu honetan, ez zaigu burutik ere pasatzen berriro ere Nikaraguara bizitzera joatea.


Besterik gabe esan dezakegu elkarrizketa honen bitartez Nikaraguaren inguruko gauza asko ikusi eta ikasi ditugula, gure ikaskide, Isabela eta Britney-ri esker. Are eta gehiago jakin nahi izanez gero hurrengo link hauetara jo dezakezue:




Wikipedia, Nikaragua       
  
Visita Nicaragua      
                 


  
Egleak: Maialen Indakoetxea, Irati Olano, Haimar Martin, Haitz Gorostidi eta Ibai Zufiria.

No comments: