Friday, May 6, 2016

URRUZUNO LEHIAKETAKO IRABAZLEAK!

Joan den ostiralean jakin genuen gure Ikastolako bi ikasle Urruzuno literatur lehiaketan saritu dituztela. BATXILER eko Saioa Etxegia eta DBH 3ko Nadin Hussein dira. Saria astebeteko egonaldia izanen da irailean, Elgoibarren, goizean literatur tailerrak izango dituztelarik, eta arratsaldetan denetariko ekintzak.
Zorionak, neskak! Literaturaz gozatzen dugunon eta gozarazten gaituzuenon partetik.

DBH 4koak TXOTXONGILOEKIN... IURRAMENDIN

DBH 4ko zenbait ikasle Iurramendin izan ziren MANO VIVA proiektuaren baitan. Topic-ekin elkarlanean gauzatutako proiketua da eta ikasleek txotxongiloaren bidez hainbat helburu landu dituzte, antzerkia eta txotxongilogintzaz haratago doazen helburuak, hain zuzen.
Ikasturtean zehar, etika saioak erabili dituzte gidoiak garatzeko eta  txotxongiloa izaeraz janzteko. MANO VIVAren azken emaitza Iurramendi egoitzako emanaldia izan zen. Bertan, adinekoak ikusle zituztela, talde bakoitzak bere sketcha gauzatu zuen eta “mano viva”k oparitu zahar egoitzako egoiliar
rei, psikomotrizitatea lantzeko bitarteko paregabea.
Polita  izan zen gazte nahiz adinekoak elkarlanean ikustea, elkarri laguntzen, pasadizoak kontatuz eta entzunez, transmisioa ardatz. Gozatzeko aukera izan zuten guztiek eta gure gaztetxoak bikain aritu ziren helduekin lanean!

MEMORIA HISTORIKOA AZTERTUZ USTARITZTARREKIN BATERA

DBH 4Bko ikasleek ekimen berezi batean hartu dute parte Uztaritzeko Saint Joseph Lizeoko eta Tolosako beste ikastetxeekin batera pasa den apirilaren 28 eta 29an. Dakizuenez, aspaldi senidetu ziren bi herri hauek eta uztarri hori aintzat hartuta, memoria historikoaren testuinguruan tailerretan lanean aritu dira mugaz bi aldeetako ikasleak, Aranzadiko Mikel Errazkinek bideratuta. Tolosa ezagutuz, gure ikasleak cicerone lanetan aritu ziren uztariztarrekin. Hurrengo egunean, gerra pairatu zuten zenbait pertsonairen memoria berritu zuten muralak eta panelak eginez. Arraunean aritzeko aukera ere izan zuten beren etxeetara itzuli aurretik.